martes, 26 de noviembre de 2013

BI IKASLERENTZAKO ETXEBIZITZA-ESTUDIOA 1.0

Aste honetan, tailerreko proiektuarekin jarraitu dugu Proiektuak I-en, bi ikaslerentzako etxebizitza-estudio bat diseinatzen gure fakultateko lorategian dagoen gune batean. Etxea eraiki behar den lekua ondo aztertu ondoren, ikasle bakoitzak gure diseinu propioa egin dugu, batzuk zeharo aldatuz gune hori eta beste batzuk, ni, adibidez, ahalik eta gutxien ukituz.

Aste honetarako, gune hori ondo ulertu genuela eta gure diseinua horretara egokitzen zela egiaztatzeko, 1/100 eskalako maketa orokor bat egin behar izan dugu. Bertan, gure diseinuaz gain, bere inguruarekiko duen influentzia ikus daiteke.




Maketaz gain, plano orokorrak eta baita gure etxearen planoak egin ditugu, barneko distribuzioa bertan ikusten delarik, eta baita proiektu honetan hain garrantzitsuak diren eskilaren diseinua azaltzen delarik.

PLANO OROKORRAK (E:1/100)

 ALTXAERA
 OINA
ESKUBIKO ALTXAERA / EZKERREKO EBAKETA

ETXEBIZITZA-ESTUDIOAREN PLANOAK (E:1/50)



Nire kasuan, eskilaren diseinua buruhauste bat izan da, etxearen hiru hormetan ahokatu behar izan baititut, eta klasean ikasi genuen bezala, eskilara normal batek 30cm-ko maila eta 17cm-ko kontramaila izan behar ditu, beraz, neurri espezifiko horiek ahokatzea zaila egin zait. Azkenean, lehenengo bi zatiak neurri horretakoak egin ditut, baina azkena desberdina atera zait: maila 32cm eta kontramaila 16cm. Seguruenik ez da ondo egongo baina momentuz, beste forma egokiago bat arukitu arte horrela utziko dut.

Nire intentzioa etxebizitzaren eraikuntza ahalik eta gutxien nabarmentzea izan da, bai paretak eta bai teilatua mantenduz. Nire kasuan, lorategia publikoa utzi dut, tailerretik eta baita sarreratik sartzeko aukera baitago, horregatik, ezin izan ditut leiho asko jarri.

Hasiera batean dauden paretak oso lodiak direnez, bertako leihoek banku aukera ere ematen dute, leihoak pareta zeharkatzen baitute tunelak izango balira bezala.

Lorategiari dagokionez, bertan dagoen beste plataforma bati aterpea jarri diot eta baita banku batzuk ere, etxearen diseinu orokorrarekin bat datozenak, eguraldi txarra egiten badu ere kanpoan egoteko aukera edukitzeko.

Azkenik, jaso dudan influentzia bakarra Carlo Scarparen eskilarak izan dira. Protagonismoa eman nahi izan diet eskilara hauei, eta maila bakoitzak duen forma eta materiala kontuan hartuz, leihoari, aterpeari, bizikletak gordetzekoari eta bankuei forma hau eman diet, baita bigarrean pisuko modulu bati ere non dutxak, komunak, apalak eta idazmahaiak dauden.





















































Eskilarei oraindik eta protagonismo handiagoa emateko, erdiko zatiari kristala jarri diot maila bakoitzari berezko materiala honen marko modura utziz; horrela, kanpotik eskilararen mailak antzeman daitezke aldi berean etxe barruan argi sartzen delarik.

martes, 5 de noviembre de 2013

LOGELA 2.0

Aste honetan aurreko asteko proiektuarekin jarraitu dugu, beti bezala, aurreko proiektu hori hobetzeko asmoz. 

Nire logela berri honetan egin behar izan ditudan berrikuntza nagusiak gelaren forma aldatzea eta gelako altzari "protagonista" hobetzea izan dira. Lehenengoari dagokionez, hasiera batean 20 metro karratuko gela 5x4 metroko neurriekin egin nuen, baina zuzenketan esan zutenez forma karratuegia hartzen zuen gelak laukizuzena beharrean, ondorioz pareta txikienak 3,60m-koak izan zitezkeen gehienez. Tamaina hori hasierako puntu bezala hartuta, beste bi paretek 5,55m-koak izan behar zuten; beraz, bai paretak, bai lur-zorua, bai altzari batzuk eta baita gelaren distribuzioa ere aldatu behar izan ditut. 

Bigarren hobekuntzari dagokionez, hasieran nituen apal horiek pareta funtzioa zuten gelan, eta, ondorioz, logela bi gelatxotan zatitzen zuen, bigarren gelatxoan argi gutxi sartzen zelarik, zegoen leiho bakarra mahaia zegoen gelatxoan baitzegoen. Ondorioz, oraingo honetan, ideia berdinarekin jarraituz, apalen forma mantendu dut, baina, egurra jarri beharrean beira erabili dut apal hauek zatitzen duten bi espazio horien artean intimitatea eta baita komunikazioa ere lortzeko asmoz. Gainera, apalen forma berria aprobetxatuz (estuagoa egin behar izan baitut) apaletatik armairua eta mahai luze bat irtetea bururatu zait, eta hala egin dut; horretarako, armairua pareko paretara eraman dut eta han zegoen ohea armairua hasiera batean zegoen paretan jarri dut. Honekin batera, leiho berri bat ireki dut ohearen gainean, fatxadako pareta batean soilik jarri zitezkeelako lehioak, eta armairua zela-eta, hasierako proiektuan ezin izan nuen beste leihorik ireki.

(Hasierako apalak)

 (Apal berriak)


Komuneko distribuzioa ere aldatu dut neurrien aldaketaren ondorioz: komuna lababoaren lekuan jarri dut, eta lababoa komunaren lekuan.

Maketari dagokionez, fatxadako bi paretak loditu ditut, barruko pareten lodiera bera baitzuten, eta errealitatera eramanda ez zen batere ondo geratzen.





Aldaketa guzti hauekin logela argitsu eta arin bat lortu nahi izan dut, lehio handiak ipiniz eta altzariak beiraz eta egur finez eginez.

Bukatzeko logelaren plano batzuk egin ditut: