martes, 17 de diciembre de 2013

ETXEBIZITZA-ESTUDIOA 2.0

Tailerreko azken aste honetan behin-betiko entrega izan dugu. Aurreko maketaren autoebaluazioa egin ondoren, azkeneko zuzenketa baino lehen, nire proiektua guztiz aldatu nuen; gauza txiki batzuekin hasi nintzen, baina, azkenean, guztiz desberdina geratu zait, gehien bat aurreko diseinua lorategi publiko batera egokitua zegoelako, baina pribatua egitearen posibilitatea zegoenez, nik bigarren aukera hau hartu nuelako behin-betiko proiektuarentzat. 

Lorategi pribatuak nire proiektuarengan izan duen eragina, gehien bat, lehioak izan dira, lehenengoan lehio gutxi batzuk jarri bainituen ahalik eta argi gehiena lortuz, baina diskrezioa mantenduz.

Hasiera batetik aldatu ez dudan ideia, proiektuaren oinarrizkoena, adreiluzko bi hormak mantentzearena izan da, eremu hortako esentzia edo pertsonalitatea baitiraa, beraz, erabaki nuen kanpotik ahalik eta gutxien antzematea bertan etxebizitza bat eraiki dela; aldatu dudan bakarra teilatua izan da.

Oinarrizko ideia hori eta eremu hortan eta bere inguruan nuenari erreparatuz, Eames-en etxea etorri zitzaidan burura, etxeari gehitu behar nizkion bi paretak etxe famatu horrenak bezalakoa eginez. Barneko distribuzioak ere antza handia du: lehenengo solairuan sarrera eskailerekin eta hauen azpiak bizikletak gordetzeko lekuarekin, komuna eta egongela daude, egongelaren sabaia bigarren pisukoa delarik eta naturarekin erlazioa duelarik kristalezko horma adreiluzko horma baino barrurago dagoelako, eta bertatik lorategira irten daitekelako.

Sarrera atetik ezkerretara egurrezko bi dekansilodun eskilarak daude, bigarren pisura doazenak. Bigarren solairuan, eskubitara bi logelatxoak daude, bertan bakoitzak ohe bat besterik ez dutenak. Logelen ondoan dutxa dago, kristal transluzidoz egina. Eskilaren ezkerraldean bi armairu handi daude, logelei bizkarra emanez, eta hauen parean horma baxu bat goiko atal hori eta egongela konektatzen dituena.

Eta, bi ikasleentzako estudioa? Eames-en etxean bezala, estudioa aparte dago. Lorategiko bigarren plataforma txiki hori aprobetxatuz, bigarren eraikin txiki bat egin dut, adreiluzko horma bat duena (aldaparen barandilaren zati dena) eta beste hiru paretak, nola ez, lehio eta plakaz eginak. Estudio honetan bi mahai luze (paretatxo transluzido txiki batez separatuak) eta apal handi batzuk daude.

Eraikin nagusiaren egongelako lorategira doan atea eta estudioko atea parean daude, zuzen joateko moduan, eta eraikin bakoitzaren teilatua isurialde bakarrekoa da, biek alderik altuena lorategiko atean dutelarik.

Lehioetan kolorezko plakak zentzuz jarriak daude, bereizitasuna lortzeaz gain diskrezioa ere lortzeko asmoz. Estudioaren ate gaineko gorriaren kasuan, berriz, atea hor dagoela adierazteko dago.

Orokorrean iruditu zait ideia ondo egokitu dela eremu honetara, baina denbora falta sumatu dut ideia behar bezala adierazi ahal izateko.

Hona hemen nire maketa eta planoak:

>Maketa (E:1/50):

(Eraikin nagusia eta estudioa)

(Eraikin nagusia)

 (Lorategirako atea)

 (Sarrera, eskilarak eta bizikleten aparkalekua)

 (Egongela)

 (Bigarren solairua)

(Estudioa)

(Estudioaren sarrera)

>Planoak:

(Plano orokorra, E:1/100)

(Eraikin nagusia, E:1/50)

(Eraikin nagusia, E:1/50) 


 (Eraikin nagusia, E:1/50 - Estudioa, E:1/50)


EAMES ETXEA








martes, 26 de noviembre de 2013

BI IKASLERENTZAKO ETXEBIZITZA-ESTUDIOA 1.0

Aste honetan, tailerreko proiektuarekin jarraitu dugu Proiektuak I-en, bi ikaslerentzako etxebizitza-estudio bat diseinatzen gure fakultateko lorategian dagoen gune batean. Etxea eraiki behar den lekua ondo aztertu ondoren, ikasle bakoitzak gure diseinu propioa egin dugu, batzuk zeharo aldatuz gune hori eta beste batzuk, ni, adibidez, ahalik eta gutxien ukituz.

Aste honetarako, gune hori ondo ulertu genuela eta gure diseinua horretara egokitzen zela egiaztatzeko, 1/100 eskalako maketa orokor bat egin behar izan dugu. Bertan, gure diseinuaz gain, bere inguruarekiko duen influentzia ikus daiteke.




Maketaz gain, plano orokorrak eta baita gure etxearen planoak egin ditugu, barneko distribuzioa bertan ikusten delarik, eta baita proiektu honetan hain garrantzitsuak diren eskilaren diseinua azaltzen delarik.

PLANO OROKORRAK (E:1/100)

 ALTXAERA
 OINA
ESKUBIKO ALTXAERA / EZKERREKO EBAKETA

ETXEBIZITZA-ESTUDIOAREN PLANOAK (E:1/50)



Nire kasuan, eskilaren diseinua buruhauste bat izan da, etxearen hiru hormetan ahokatu behar izan baititut, eta klasean ikasi genuen bezala, eskilara normal batek 30cm-ko maila eta 17cm-ko kontramaila izan behar ditu, beraz, neurri espezifiko horiek ahokatzea zaila egin zait. Azkenean, lehenengo bi zatiak neurri horretakoak egin ditut, baina azkena desberdina atera zait: maila 32cm eta kontramaila 16cm. Seguruenik ez da ondo egongo baina momentuz, beste forma egokiago bat arukitu arte horrela utziko dut.

Nire intentzioa etxebizitzaren eraikuntza ahalik eta gutxien nabarmentzea izan da, bai paretak eta bai teilatua mantenduz. Nire kasuan, lorategia publikoa utzi dut, tailerretik eta baita sarreratik sartzeko aukera baitago, horregatik, ezin izan ditut leiho asko jarri.

Hasiera batean dauden paretak oso lodiak direnez, bertako leihoek banku aukera ere ematen dute, leihoak pareta zeharkatzen baitute tunelak izango balira bezala.

Lorategiari dagokionez, bertan dagoen beste plataforma bati aterpea jarri diot eta baita banku batzuk ere, etxearen diseinu orokorrarekin bat datozenak, eguraldi txarra egiten badu ere kanpoan egoteko aukera edukitzeko.

Azkenik, jaso dudan influentzia bakarra Carlo Scarparen eskilarak izan dira. Protagonismoa eman nahi izan diet eskilara hauei, eta maila bakoitzak duen forma eta materiala kontuan hartuz, leihoari, aterpeari, bizikletak gordetzekoari eta bankuei forma hau eman diet, baita bigarrean pisuko modulu bati ere non dutxak, komunak, apalak eta idazmahaiak dauden.





















































Eskilarei oraindik eta protagonismo handiagoa emateko, erdiko zatiari kristala jarri diot maila bakoitzari berezko materiala honen marko modura utziz; horrela, kanpotik eskilararen mailak antzeman daitezke aldi berean etxe barruan argi sartzen delarik.

martes, 5 de noviembre de 2013

LOGELA 2.0

Aste honetan aurreko asteko proiektuarekin jarraitu dugu, beti bezala, aurreko proiektu hori hobetzeko asmoz. 

Nire logela berri honetan egin behar izan ditudan berrikuntza nagusiak gelaren forma aldatzea eta gelako altzari "protagonista" hobetzea izan dira. Lehenengoari dagokionez, hasiera batean 20 metro karratuko gela 5x4 metroko neurriekin egin nuen, baina zuzenketan esan zutenez forma karratuegia hartzen zuen gelak laukizuzena beharrean, ondorioz pareta txikienak 3,60m-koak izan zitezkeen gehienez. Tamaina hori hasierako puntu bezala hartuta, beste bi paretek 5,55m-koak izan behar zuten; beraz, bai paretak, bai lur-zorua, bai altzari batzuk eta baita gelaren distribuzioa ere aldatu behar izan ditut. 

Bigarren hobekuntzari dagokionez, hasieran nituen apal horiek pareta funtzioa zuten gelan, eta, ondorioz, logela bi gelatxotan zatitzen zuen, bigarren gelatxoan argi gutxi sartzen zelarik, zegoen leiho bakarra mahaia zegoen gelatxoan baitzegoen. Ondorioz, oraingo honetan, ideia berdinarekin jarraituz, apalen forma mantendu dut, baina, egurra jarri beharrean beira erabili dut apal hauek zatitzen duten bi espazio horien artean intimitatea eta baita komunikazioa ere lortzeko asmoz. Gainera, apalen forma berria aprobetxatuz (estuagoa egin behar izan baitut) apaletatik armairua eta mahai luze bat irtetea bururatu zait, eta hala egin dut; horretarako, armairua pareko paretara eraman dut eta han zegoen ohea armairua hasiera batean zegoen paretan jarri dut. Honekin batera, leiho berri bat ireki dut ohearen gainean, fatxadako pareta batean soilik jarri zitezkeelako lehioak, eta armairua zela-eta, hasierako proiektuan ezin izan nuen beste leihorik ireki.

(Hasierako apalak)

 (Apal berriak)


Komuneko distribuzioa ere aldatu dut neurrien aldaketaren ondorioz: komuna lababoaren lekuan jarri dut, eta lababoa komunaren lekuan.

Maketari dagokionez, fatxadako bi paretak loditu ditut, barruko pareten lodiera bera baitzuten, eta errealitatera eramanda ez zen batere ondo geratzen.





Aldaketa guzti hauekin logela argitsu eta arin bat lortu nahi izan dut, lehio handiak ipiniz eta altzariak beiraz eta egur finez eginez.

Bukatzeko logelaren plano batzuk egin ditut:





martes, 29 de octubre de 2013

LOGELA 1.0


Aste honetako lana logela bat diseinatu eta ideia argi bat izan ondoren horren maketa bat egitea zen. Diseinua egiteko, ezin izan dugu edozein diseinu egin, hau da, arkitekto bezala pentsatu eta altzari bakoitza arrazoi batekin jarri behar genuen leku bakoitzean. Horretarako, lehengo astean, honi buruzko klase teoriko bat eman ziguten, non ez nekizkien gauza asko ikasi nituen, eta nire maketan aplikatu ditudan, atearen posizioaren garrantzia, adibidez.








Nire maketarako altzarien uniformetasuna bilatu dut, distribuzio egoki bat bilatzeaz gain. 

Maketaz aparte, honen plano batzuk ere egin ditugu:


Azkenik hona hemen nire maketa:







martes, 22 de octubre de 2013

NIRE LOGELA

Etxean nagoenean eta bakarrik egon nahi dudanean lanak egiteko, erlaxatzeko, edota intimitate pixka baten bila nagoelako, nire gustukoa den eta bertan eroso sentitzen naizen txoko batean egotea gustatzen zait, eta txoko hori, nire logela da.

Nire logelak nire izaera islatzen duela esango nuke, kolore alai eta biziak baina aldi berean lasaitasuna transmititzen dutenak baititu.

Esan daiteke nire logela nire barrukaldea dela, nire nortasuna; hau da, bertan, paretetan, lanparetan eta aurkitzen dudan edozein lekutan bidaietako oroitzapenak, lagunekin bizitakoak argazkietan izozturik, eta gustuko ditudan gauzak jarrita ditudalako; beraz, han nagoenean, neure buruan sartuta egongo banintz bezala sentitzen naiz, nire munduan.

Denbora periodo bat pasatzen denero, nire logelaren distribuzioa aldatzea gustatzen zait, eta altzari berriak erosten ez ditudan arren, gauzak lekuz aldatzen ditut, denbora luzean gauzak leku berdinean egotea ez zaidalako gustatzen; aldaketak gustatzen zaizkit noizean behin, bizitza zirraragarriagoa egiten dutela uste baitut.

Batzuetan, altzariak birziklatzen ditut, hau da, etxeko salako mahaitxoa aldatzen badugu, adibidez, kendutako zahar hori nire logelarako gustuko badut nire logelan sar dadin zer egin dezakedan pentsatzen hasten naiz eta leku desberdinetan probatzen aproposena aurkitu arte.

Logela oso handia ez den arren, altzariekin espazio desberdinak sortzea gustatzen zait, aldi berean harmonia bat dagoelarik espazio guztien artean.

Nire logela ni eroso eta gustura nagoen espazioa da, non identifikatua sentitzen naizen eta lasaitasun handia transmititzen didan.

Hona hemen pare bat argazki:




martes, 15 de octubre de 2013

EGURREZKO TXABOLA 2.0

Aste honetan, egurrezko txabolarekin jarraituz, aurreko astean egindakoa zuzendu eta berri honen planoak atera behar genituen.

Nire kasuan, zuzendu behar izan dudana loturak izan dira, "petatxo" antzekoak erabili bainituen luzeak ziren aldeak elkartzeko (ezin baitziren 12cm baino luzeagoak ziren xaflak erabili), eta nire txabola hura errealitatean ezingo litzateke eraiki. Horregatik, oraingo honetan, beste era egonkorrago batean egin ditut loturak.

Diseinuari begira, berdina jarraitu dut, egitura izan da aldatu behar izan dudan gauza bakarra.

Hona hemen planoak:



Lehenengo etxearen lotura mota:


Etxe berriaren lotura mota:

Etxe berria:





martes, 8 de octubre de 2013

EGURREZKO TXABOLA 1.0


Aste honetako proiektu berri honetan 10 metro karratu inguruko txabola bat eraiki behar izan dugu 1/2 eskalan forma ezberdineko xaflen bitartez, eta loturak iltzeez edo kolaz eginez. Erabilitako xafla bakoitzaren luzeera, gehienez, 12cm-takoa izan behar du. Honen helburua egurren arteko loturak nola egin bururatzea da, modu determinatu batean elkartuz gero xaflak hautsi daitezkeelako.

Nire kasuan, hasiera batean ideiarenbat bururatu arren, lortu dudan emaitza prozesuan sortutako arazoen eta  ideia berrien bidez eraldatuz joan da. Hasiera batean loturak nola egin bururatzea zaila egin zitzaidan, baina gutxinaka trebetasun handiagoz egin ditut.



Aste honetarako ez genuen guztiz estali behar gure txabola, erdia estaltzearekin nahikoa izan da, horrela barruko egitura ere ikus daiteke.


Hona hemen azkenik lortutako emaitza: